XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zaldiek ezin dugu hegan egin.

- Debekatu egin ziguten aspaldi.

Erantzunak harrituta utzi ninduen.

Ez du aspaldi gizonak ilargia zapaldu zuela, urte askotako ikerketen ondoren, espaziontzi erraldoia eraikita.

Ez nuen ikusten zaldia espaziontzian sartuta, tximino eta horrelakoen gisa, ezta bere hankez gidatzen ere, astronauta balitz bezala.

- Hegoak eman behar dizkidazu! esan zidan zaldiak.

- Hegoak, ilargira joateko!

- Maite dudanarekin biltzeko!

Baina nik ez nion hegorik eman.

Azken elkarrizketa hura, hala ere, buruan geratu zait iltzez josia.

Ez dut sekula ahaztuko.

Gero, handik egun batzuetara, Joxe etorri zitzaidan etxera.

Hego-haizea zebilen, giroa gozatuz.

Alai etorri zitzaidan eta ni begi ilun ikusi ninduenean, honela hitz egin zidan:

- Zer arraio egiten duk, kopet horrekin.

- Gerratik hator ala?

- Ez Joxe!

- Zure zaldia da.

- Kezkatuta nauka.

- Ez al diok antzeman zer duen? galdetu zidan burla haizea nabari zuela hitzetan.

- Bai, baina ez dago hura sendatuko duen albaitaririk erantzun nion etsipenak abail-abail eginda.

- Banekian bai, ez huela askotxorik lortuko esan zuen Joxek, eta eseri egin zen aulki adardunean.

- Maiteminduta zagok, Joxe!

- Eta hori zelebrea duk! esan nion, ahotsean nuen indar-apurra kanporatuz.